XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Joxe Mari Ballarena intsumitua balaz zauritu zuten atxilotzerakoan

Udalak Goardia Zibilaren aktuazioa salatu zuen

Joxe Mari Ballarena, 22 urteko intsumitu elizondoarra balaz zauritua izan zen otsailaren azken egunean, Goardia Zibila atxilotzera joan zitzaionean.

Bertsio ofizialaren arabera, Joxe Marik leihotik salto egin zuen eta eskapo hasi zen.

Guardiazibilek Asko zubian harrapatu zuten eta katxeatzen ari zirela, gazteak egindako mugimendu baten ondorioz tiroak eskapo egin omen zien, beti ere bertsio horren arabera.

NEURRIZ KANPOKO AKTUAZIOA

Gertakari honek hainbat erreakzio sortu zituen, bai Baztanen, baita gure mugetaz kanpo.

Herrian, bertsio ofizialaren sinesgarritasuna zalantzan jarri zuen jende aunitzek, Joxe Mari hirugarren pisu batean bizi dela kontuan hartuz, zaila baita bertatik salto egitea.

Edozein moduz, jende guztia bat zetorren Goardia Zibilaren aktuazioa neurriz kanpoko izan zela erraterakoan eta urte osoan beraien esku dagoen gazte bat atxilotzeko armak erabiltzea kritikatu zuten.

Zugarramurdi eta Baztan-Bidasoako talde antimilitaristak eta Baztandarren Biltzarraren Gazte sailak ere idatzi bana plazaratu dute gertaera salatuz eta Joxe Marirekiko elkartasuna adieraziz.

Gure mugetarik kanpo, Belloch estatuko Barne ministro berari ere iritsi zitzaion gertaerari buruzko galdera bat.

Udalak bere aldetik, intsumisioarekiko elkartasuna adierazi zuen, UBko zinegotzirik gabe egin zen batzarrean.

Gainerako zinegotziek gertakariei buruzko ikerketa egitea eskatu diote agintariei, eta atxilotzerakoan armak erabiltzerakoan Goardia Zibilek kalte moldaezinak sortzen ahal zituztela salatu zuten.